Leintz Bailarako Ekiola eta Azpeitiako Ekindar kooperatibak aurrera doaz

Leintz Bailarako Ekiola eta Ekindar kooperatibak aurrera doaz, herritarrei euren energiaren sorkuntzan eta kudeaketan parte hartzeko aukera eskainiz. Kooperatibistak sortzen duten energiaren jabe izango dira, eta herritarrek beren energia sortuko, sustatuko eta kontsumituko dute

Ekiola lankidetza publiko-pribatutik sortutako ekimena da, EEE Energiaren Euskal Erakundearen eta Mondragon Korparazioaren barneko KREAN ingeniaritza sustatzailearen arteko lankidetzatik hain zuzen ere. 

Bazkidetza honi esker, Euskal Autonomia Erkidegoan 2030 Energia Estrategiarekin bat egiten duen eraldaketa abiarazi eta aurrera eman ahal izango da, herritarren parte-hartzea bide, euren ahalduntzean oinarrituta kontsumitzaile aktibo bihurtuz eta energia sortu eta kontsumitzeko energia-komunitate kooperatiboak sortuz. 

Kontsumitzaileen parte hartze zuzena bideratzen duen kooperazio proiektua da; energia fotovoltaikoaren autohornikuntza eta autokontsumoa sustatzen duena eta, aldi berean, udalen eta tokian tokiko administrazioen eta eragileen esku hartzea ere ahalbidetzen duena. 

Leintz Bailarako Kooperatibakoak izango dira, Azpeitiako Ekindar kooperatibarekin batera, euren energia kudeatuko duten lehenengo bazkideak. Bi proiektu hauek laster errealitate bihurtuko dira, herritarren artean lortutako harrera eta babesarengatik. Azken datuak kontutan hartuta, ia 1000 bazkidek izena eman dute azken hilabeteetan.

Leintz Bailarako kooperatiba osatzen duten 4 udalerrietan, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzaga, 389 bazkide izan dira Ekiolak eskaintzen duen energia sortu eta kontsumitzeko eredu berri honetan izena eman dutenak. Ekindarren aldiz, egindako proiektuaren sozializazioaren ondoren, 525 bazkidek izena eman dute dagoeneko Azpeitiako sorkuntza eta kontsumorako kooperatiban. Izen-ematea oraindik irekita dago bi kasuetan proiektuari buruzko informazioa jaso eta atxiki nahi diren herritar eta komertzioentzat.

Ekiola kooperatibako bazkide izatearen kostua, onurak eta aurrezkia ezagutzeko informazioa jaso nahi dutenek profilaren eta kontsumoen txosten pertsonalizatua jaso dezakete. Urriaren 17tik aurrera, gainera, modu telematikoan egin ahal izango dute, zuzenean, Ekiolako web orritik bertatik: https://ekiola.eus/

Eguzki-parkeak martxan jartzeko 400-500 bazkide inguru behar dira eta udaberrian egindako aurre-bazkidetza kanpainarekin, helburua lortzetik gertu daude dagoeneko. Izan ere, energia eredu berri onen onurak, interesa piztu du Leintz Bailarako eta Azpeitiako herritarren artean besteak beste. 

Kooperatiban partaide izateko inbertsio bat egin beharko dute herritarrek instalazioa osatuko duten panelen erosketa egiteko eta 25 urteko funtzionamendu-epea izango du instalazioak gutxienez. Hurrengo hilabetetan hasiko da eraikuntza-fasea eta behin amaituta, banaketa-sarera konektatu eta instalazioa lanean hasiko da bazkideen etxebizitzetara sortuko den energia helaraziz. Herritarrek beraiek sortutako energia berriztagarria kontsumituko dute, Kanpoko energia-iturriekiko mendekotasuna murriztuz eta ingurumenerako energia egokiagoa sortuz.

Leave a Comment