Ekiola Leintz Bailara proiektua herritarrei ezagutzera emateko aurkezpenak egin dira Arratsate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz-Gatzagan.

338 herritarrek aurreinskripzioa egin dute

Leintz Bailarako Ekiola kooperatibak instalatuko duen eguzki-parke fotovoltaikoaren berri eman zuen aurreko urrian Gipuzkoako Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako foru-diputatuaren eta 4 udalerrien alkate direnen babesarekin.

Bertan, 0 kilometroko energia berriztagarria sortuko duen proiektu kooperatiboa, autokontsumoa aprobetxatzeko sistemen bidez energia-autohornikuntza bultzatzen duena, eta eguzki-parkearen kokapena jakinarazi zuten.  

Orain berriz, proiektua herritarrei ezagutzera emateko momentua iritsi da eta, horretarako, haiei zuzendutako aurkezpenak gauzatzen ari dira azken egunetan. Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz-Gatzagako udalerrietan proiektuaren nondik norakoak eta xehetasunak azaldu ez ezik, herritarrek dituzten zalantzei ere erantzuteko saioak dira. 

Zer da Leintz Bailarako Ekiola Kooperatiba? Zein abantaila ditu? Zertan datza parte-hartzea? Zein da eguzki-parkearen funtzionamendua? Nola eragiten du bakoitzaren fakturan? Herritarren interesa piztu du Ekiola proiektuak eskaintzen duen eredu energetiko berriak. Baina ez hori bakarrik, gaur egun kontsumitzen dugun energiaren ondorio ekologikoetaz, trantsizio energetikoaz eta energia berriztagarrien eta 0km energiaren inguruan galdetu eta hitz egiteko aukera ere izan dute.

Udalerriz udalerri joan dira zalantza guzti hauek argitzen eta proiektuaren ezaugarri guztiak zehazten. Proiektu eta tresna bizia da, eta herritarren parte-hartzea handitzen doan heinean, proiektuak berak ere eboluzio bat izango du. Kooperatibistak sortzen duten energiaren jabe izango dira, eta herritarrek beren energia sortuko, sustatuko eta kontsumituko dute.

Leintz Bailarako 338 herritarrek aurreinskripzioa egin dute dagoeneko. Aurreinskripzio hau konpromezurik gabekoa da. Behin proiektua martxan jartzen denean, informazioa jaso eta bakoitzaren kontsumo eta kostearen informe bat bidaliko zaie baloratu ahal izateko. Aldi berean, lehentasuna izango dute bazkide bezala izen-ematerako orduan. Izan ere, kooperatiba bakoitzak lehen 450 bazkideentzako lekua izango du.