aiara-ekiola

Eguzki-autokontsumoko EKIOLA AIARA herritarren kooperatibak bere sozializazio-fasea hasi du

Eguzki-energia sortzeko eta kontsumitzeko Aiarako Ekiola herritarren kooperatiba Amurrion egongo da eta urtean 1.550 MWh produzituko ditu, lurralde horretako 700 familia edo saltoki txikiren energia-premiei erantzuteko adina

Aiarako Ekiolak 0 kilometroko energia berriztagarria 2025. urtearen hasierarako produzituko duela espero da

Amurrio, 2024ko apirilaren 25a Amurrion egindako topaketa batean –bilera bukatu eta gero eguzki-energia produzitzeko instalazioa hartuko duen partzelari egin zaion bisitarekin eta bi urte baino gehiagoko estudio-lanen eta tramitazioen ondoren– eman zaio hasiera herritarrei Aiarako Ekiola energia-kooperatiban parte hartzeko aukera irekitzeko kanpainari.

EEE Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansola, Arabako Foru Aldundiaren Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Inguruneko diputatu Amaia Barredo, Mondragon taldeko Krean ingeniaritza-enpresa sustatzaileko Odei Arzak eta Amurrioko alkate Txerra Molinuevo izan dira bileran. Irekitze-fase horri orain hasiera ematen dion proiektuaren egungo egoeraren berri eman da topaketan, eta urtean 1.550 MWh-ko bermatutako produkzioa aurreikusten da proiektuari esker.

Eskualdeko herritarrak eta saltoki txikiak autohornikuntzarako eguzki-energiako produkzio-instalazio berria kudeatuko duen kooperatibara erakartzeko eta bertan sartzeko asmoz ematen dio hasiera AIARAKO EKIOLAK sozializazio-fase berri honi.

700 kooperatibista izan nahi ditu proiektuak eta eguzki-parke fotovoltaikoaren eraikuntza “aukera” bat izango da haientzat, Ekiola Aiaraldeak ekarriko dituen mozkin ekonomikoengatik zein ingurumenari eta gizarteari lotuta ekarriko dituen onurengatik.

Urtean batez besteko 2.200 kWh-ko kontsumitzaile batentzat 1.900 euro inguru izango da kooperatibara egin beharreko ekarpena, kontsumitutakoaren berdina izango den urteko energia sortzeko. Horrekin betetzen da Ekiolaren funtsezko printzipioetako bat, hau da, kooperatibistak urtebeteko aldian eskari elektrikoaren % 100aren burujabe izatea.

aiara-ekiola

Aiarako Ekiolaren energiaren kalkulatutako batez besteko prezioa 30,00 €/MWh izango da gutxi gorabehera (karguak, zergak eta bidesariak kenduta) lehenengo urtean (KPIaren urteko igoera), eta proiektuaren bizitza erabilgarria 30 urte izango dela aurreikusten da, eta horrek energia epe luzean kostu oso erakargarrian sortzea eragingo du.

Informazio-saioak egingo dira Aiaraldeko udalerrietan maiatzeko erdialdean proiektua herritarrei irekitzeko faseari hasiera emateko. Saio horietan, proiektuaren datu konkretuak azaltzeaz gain, beren kontsumo elektrikoaren egungo faktura aurkezten duten lagunek txosten pertsonalizatu bat jasotzeko aukera izango dute, kooperatibako kide izan nahi duten edo ez balioesteko. Beren parte-hartzearen baldintzei buruzko informazio xehatua biltzen du txosten horrek, eta familia bakoitzaren kontsumoaren mende egongo da betiere.

Gainera, etxeko kontsumo eta premia elektrikoen antzeko kontsumo eta premiak dituzten saltoki txiki, autonomo eta lehen sektoreko ustiategiei zabaltzen die bere eskaintza Aiarako Ekiolak.

Energia-kooperatibak zenbait karga-puntu publiko ere prestatuko ditu Aiaran bere bazkideek zein herritarrek beren ibilgailu elektrikoak kargatu ditzaten.

Ekainean hasiko dira eguzki-proiektu fotovoltaikoaren obrak, eta instalazioa datorren urtearen hasierarako martxan egotea eta kooperatibako bazkideek beren energia propioa baliatu ahal izatea espero da.

 

EKIOLA Energia Sustapenak sozietateari buruz

Energiaren Euskal Erakundearen, Arabako Foru Aldundiaren eta Mondragon Korporazioaren barruko Krean ingeniaritza-enpresa sustatzailearen arteko lankidetza publiko-pribatuaren fruitu da Ekiola. Euskadiko eredu kooperatiboan energia-komunitateak sortzea da ekimenaren helburua, herritarrek berek sortu dezaten beren premiei erantzuteko behar duten energia elektrikoaren % 100. Gainera, kooperatiba berak lege-tresna gisa funtzionatzen du etorkizun energetikoari bere planteamendu propioen arabera aurre egiteko, eta kooperatibako kideek ez dute etxeko beren instalazio elektrikoaren ezer ere aldatu behar. 30 urterako funtzionamendu- eta errendimendu-bermea du eguzki-parkearen instalazioak.

Europar Batasunaren politikekin lerrokatuta dago Ekiola eredua, eta helburu gisa ezarri du kontsumitzen den energiaren % 32 jatorri berriztagarrikoa izatea 2030. urterako. Autokontsumoa zein energia-komunitateen sorkuntza hartu beharreko ereduak dira beste energia-eredu baterako trantsizioan. Esparru horretan Ekiola sortu da, energia sustatzeko sozietate gisa. Proiektu honen bitartez, sortzen duten energiaren jabe izango dira kooperatibistak, eta herritarrek beren energia sortuko, sustatuko eta kontsumituko dute.

Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu www.ekiola.eus webgunea.