Egotetik egitera, Egutera Energia kooperatibaren aurkezpena Zumaian. 

Ekiola Zumaiara iritsi da! Aurreko asteartean, ekainak 7, Aita Mari Antzokian aurkeztu zen Egutera, Zumaiako Energia sorkuntza eta kontsumorako kooperatiba.

Saioa Zumaiako alkateak, Iñaki Ostolaza, EEEko zuzendariak, Iñigo Ansola, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Diputatuak, Iñigo Asensio, ireki zuten, eguterako bazkide den Markel Peñalba zumaiarrarekin batera. Denek nabarmendu zuten, aho batez, energia transizioaren kezka eta Egutera bezalako energia eredu berrietara jotzeko beharra.

Egutera proiektuak zumaiarrei herrian bertan beraien energia sortu eta kontsumitzeko aukera emango die. Kooperatibako bazkide egiten diren zumaiarrek instalazio fotovoltaikoaren jabetza zati bat eskuratuko dute, eta horrela, instalazioan sortuko den eguzki energia berriztagarriaren jabe izango dira. Hau da, Egutera kooperatibarekin “burujabetza energetikora bidean egotetik egitera” igaroko dira.  

2.304 eguzki plakek osatutako planta bat sortuko du Egutera kooperatibak, Zumaiako Udalaren babesarekin, Oikiako Siemens lantegiaren atzean dagoen hektarea bateko lursailean.  Sortutako energiarekin ohiko argindar kontsumoa estali ahal izango da. Bazkideek energia gaur egun hartzen duten bezala jasoko dute, sare orokorretik, baina kontsumitzen duten energia hori edo gehiago bideratuko dute sarera, energia berriztagarria gainera.

Asteartean, ekainak 7, Zumaiako Aita Mari antzokian egin zen aurkezpenaren helburua, proiektuan interesa zuten Zumaiako herritar eta komertzioei Eguteraren inguruko xehetasun guztiak azaldu, zalantzak argitu eta haiei aurre bazkidetza ematera bultzatzea izan zen. Kooperatibaren jabetzaren % 70a kontsumitzaileek osatuko dute, eta bazkide laguntzaileek % 30a. Udala, berriz, laguntzailea izango da.

Hasiera batean Zumaiako bazkide izateko aukera herritar eta komertzioei emango bazaie ere, ez da baztertzen, etorkizunean herriko enpresei eta bailarako gainontzeko udal eta herritarrei ere aukera hori zabaltzea. Beraz, aurkezpenera, energia berriztagarrietan eta Egutera proiektuan interesa zuten pertsona anitz gerturatu ziren.

Aurkezpenean argitu ziren, lehenik, proiektu honen baldintza eta ezaugarri guztiak. Ondoren, bazkideen ekarpen kopuru orientagarriak azaldu ziren pertsona bateko, biko, hiruko eta lauko etxebizitzak adibide hartuta. Erabiltzaile bakoitzaren profilaren eta kontsumoaren azterketa egingo da, eta datu horiekin kontsumoaren kurba jakin ahal izango da eta horren arabera esleituko dira bazkide bakoitzari dagozkion plakak eta inbertsioa. Gainera, fakturan hasieran egindako ekarpenaren zati bat bueltatuko zaie bazkideei. Aurreztutako diru kopurua, bataz beste % 40koa izango da. 

Proposamena aurrera eramateko 500-600 bazkide behar dira. Eguterarekin bat egiteko aukera zabalik dago ekiola.eus/zumaia-egutera gunean aurreinskripzioa eginez. Galdetegia betetzen dutenek proiektuaren aurrepausoen berri izango du eta konpromezurik gabeko informe pertsonalizatu baten bitartez, bazkide izan nahi duen erabakitzeko datuak zehaztuta izango ditu. Bazkide izateko lehentasuna ere izango dute izen-emate ofiziala irekitzen denean.

Eguzki plantaren eraikuntza 2022ko  azaroan hasiko da, datorren urtean martxan jartzeko. Hortaz, 2023ko apirilean Zumaiarrak burujabetza energetikora iritsiko direla aurreikusten da.